XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nork daki orain jalki zuen nire maisuak, ibillita pizkat bareturik, zein alderdi dan igotzeko errezena, ta nola igo daiteken egorik gabe?.

Eta ura, buru-makur, zein bide artu pentsatzen ari zalarik eta nik neure begiak gorantza jaso ta mendian gaindi zuzentzen nitularik, ezker aldetik agertu zitzaigun guregana zetorren arima talde bat, astiro zebiltzalako etzirala mugitzen zirudiana.

- Jaso itzazu begiak esan nion nik maisuari; or dugu kontseju nork emana, zu zeurez egiteko gai ez baldin ba'zera.

Begiratu nindun orduan, eta azbegi gozoz erantzun zidan: - Goazen arantz, eurak astiki bait datoz; zuk, ordea, ene seme, beukizu sendo itxarokizuna.

Jende-talde ura, guk milla bat oinkada emanda ere, abailari on batek bere eskuaz iritxiko lukean eulmenera zegoelarik, mendi-egala estaltzen zuten arkaitzetara guztiak egiñik, lotu ta potix egin zuten, elkar estu-azorik, duda-mudan doana ara-ona begira gelditu oi danez.

- O zuok, ongi bukatu zenutenok! - ots-egin zuen Bergili'k.

- Ezpiritu dagoneko autatuok!.

- Zuok guztiok, nik uste, itxaron duzuen pakearren, esaidazue norantza daraman mendi onek, igo al daiteken beronen gaiñaldera; denbora galtzeak, bada, dakiana geiago samintzen.

Ardiak saletxetik banan-banan, biñan, irunan irten oi diran bezela, besteak izukor begiak eta muturra beera jetxitzen dituztelarik, eta aurrenak dagiana enparauak ere egiñik, ari itsatsiz nare ta sotil, ura gelditzean, naiz-ta zergatik ez jakin, beurak ere geldituaz; olaxe ikusi nuen guregana urreratzen, aurpegi lotsakor eta ibilli eratsu, talde bildurti ta zoriontsu artako lenengo arima.

Nire itzala nigandik arkaitzera bait zijoan, buru egiten zutenak argia nire eskui-aldeko lurrean ebakia ikusi zutenean, gelditu ta zerbait atzerantza egin zuten, eta berekin zatozten beste guztiak ere, zergatik jakin ez arren, beste ainbeste egin zuten.

- Zuok galdatu ez-ta ere, neuk aitortzen dizuet, emen ikusten duzuen au giza-gorputza dala; orixegatik eten du lur gaiñean eguzkiaren argia.

- Ez zaitezte arritu, baiña siñes ezazue, zerutiko indarrez soil-soilki orma oni gaiñartzen saiatzen dala.